Mende hau eraldaketa sozial eta ekonomiko handiekin hasi da, herrien eta kulturen bilakaerari dagokionez mutazio handiekin, soilik bere negozioen plusbaliaren balorea ezagutzen duen merkatuaren makineria ase ezinaren eraginpean. Globalizazio neoliberal honek desberdintasun geopolitiko izugarriak eragin ditu eta, era berean, krisi ekonomikoa sortu du, zeina merkatuek gobernuei inongo lotsarik gabe ezartzen dizkieten neurrien bitartez gainditu nahi den, mendebaldeko demokrazietan indarrean dagoen eredu politikoa –demokrazia parlamentarioa- galbideratuz. Neoliberalismo hau, beraz, merkatuaren diktadura ezartzen ari da de facto botere gune zehatz batzuk baliatuz eta herri, nazio eta Estatuen borondatearen gainetik arituz.
...
Euskal Herria aurrera doa, XXI. mende honetan, energia berrituekin bere etorkizunaren jabe onartua izan dadin borrokatu duten hainbat belaunaldiren ahalegin eta gogoak jasoz.
Herri honen erresistentzia eta iraunkortasunerako gaitasunak porrotera eraman ditu bere nortasun politiko, kultural eta soziala asimilatzeko estrategiak, eta iraganean erroturiko bere historia eta nazio gisako errealitateari buruzko ekarpena egiten jarraitu nahi du nazioarteko komunitatearen aurrean.
Euskal Herriak bere soberania eta etorkizunaren alde dimentsio guztietan borrokatzen duen herri baten bizitasuna erakusten du. Gure herriak, beste askoren moduan, nortasun juridiko eta instituzionala izatea bilatzen du, gaitasun politikoz horniturik, garapen ekonomiko, sozial eta kultural integratu, solidario eta bere neurrira egokitutakoa izateko. Nahi eta helburu hauek dira, hain zuzen, azken urteotan Europan eta mundu osoan estatu berriak osatzea ahalbideratu duena.
Interdependentzia politiko eta ekonomiko handien mundu honetan, gure herriaren nortasun ikur ukaezina izaten jarraitzen du izan eta erabakitzeko eskubide legitimoaren aldeko borrokak. Hauxe da, hain zuzen, independentziaren status politikoa lortzeko giltza, eta burujabetza osoaren eskutik gure herriaren neurri, ezaugarri eta gizarte eta kultur kapitalaren araberako ereduak eraikitzeko bidea.
Herrien burujabetza ondare unibertsalari begira kultur mailako ekarpena egiteko borroka justua izateaz gain, bada, gainera, demokrazia politikoa, ekonomikoa eta kulturalaren mesedetan egiten den borroka ere, emakume eta gizonezkoei euren eremuetan elkartasun eta zuzentasunezko baloreak lantzea posible egiten diena.
Zentzu honetan, Euskal Herria, lehenengo Estatutzat Nafarroako Erreinuaren erreferentzia historikoa kontuan hartuta, herri bat da, nazio bat, subjektu politiko bat, 1976an Argelen onartu zen Herrien Eskubideen Adierazpen Unibertsalean xedatutako eskubide demokratikoak dagozkiona.
Eskubide hauek erabaki behar dute, hipoteka eta mugarik gabe, herri honen barne nahiz kanpo harremanen eredu politikoa, libre eta demokratikoki. Estatu espainiar eta Estatu frantziarrak etengabe ukatzen duten oinarrizko helburu demokratiko honek markatzen du gure herriaren historia, borroka, sufrimendu eta ezegonkortasunerako arrazoi bilakatu delarik.
Francoren ondorengo trantsizioaren hasieran ezarritako eredu Konstituzional eta Estatutarioak errealitate plurinazionalaren aurkako estrategia asimilazionista bati erantzuten dio eta lurralde-antolaketa artifizial batean oinarrituta dago. Eredu hau enbarazu politiko eta ekonomikoa bihurtu da Estatu espainiarrarentzat eta aldaketa estrukturalen beharrean dago. Gu guztiontzat ekidin ezina eta beharrezkoa da lurralde-ereduaren eta estatu plurinazionalaren eta euskal nazioaren inguruan eztabaida estrategikoa zabaltzea. Eztabaida honek bigarren trantsizioaren oinarriak jarri beharko lituzke eta integraturik egon beharko luke modu eraikitzaile eta efikaz batean eraiki nahi dugun fase politiko berri honetan.
Era berean, Parisko gobernu ezberdinen estrategia uniformatzaileak ez du lortu sektore politiko, sindikal eta sozialek onarpen nazionalaren eta instituzionaltze propioaren inguruan egindako eskaera ezabatzea, eragile hauek guztiek proiekzio eta etorkizun handiko masa kritikoa osatu dutelarik.
Murgildurik gauden agertoki berri honetan, zeina inposizio eta ukapenaren fase politikoa betikotzeko xedez batzuk ekidin nahi duten, ezkerrekoa eta abertzalea den herriak proiektu politiko eta antolakunde berri baten beharra duela pentsatzen dugu, egungo errealitate eta baldintzetatik abiatuta, etorkizunean independentzia eta sozialismoa erdiesteko konpromisoa izango duen tresna gisa proiektatuko dena.
Erreferentzia estrategiko hauekin, indar subirano eta aurrerakoien artean premiazkoa den indar metaketaren alde proposamen taktikoak sustatuko dituen proiektu politiko bat bultzatuko dugu, eragile sozial eta instituzionalen indar harremana aldatzeko gaitasun eta ilusioz eta markaturiko helburuei jarraikiz urratsez urrats eragiteko asmoz.
Euskal Herriarekin konprometituriko proiektu politiko eta antolakunde berria izanen da, eta koiuntura historiko honetan eskubide guztien errespetuan oinarrituriko bake eszenatokia bultzatuko du, elkarrizketa eta negoziazio prozesu baten dinamizazioan murgilduz, gatazka demokratikoki konpontzeko, preso eta iheslari guztiak etxeratzeko eta eskubide kolektibo eta norbanako ororen errespetatuan oinarrituriko eszenatokia osatzeko xedez.
Zentzu honetan, kultura eta adierazpen politiko guztien enkontrurako esparru gisa ulertzen du konponbiderako akordio demokratikoa, saihestezinak diren bi ardatzetan oinarriturik: euskal nazioaren existentzia eta onarpena eta herritarren egungo nahiz etorkizuneko borondate demokratikoaren errespetua. Hau da, herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea kokatuko du bere bilakaera politikoaren motor eta bermatzaile bakar gisa, eta era berean, langile klasea bere oinarrizko erreferentzia gisa gizarte zuzen eta justuago bat lortzeko norabidean. Horretarako kontuan hartuko dira emakumeek gizonezkoekiko pairatzen duten egoera asimetrikoa, aukera berdintasuna bermatzeari begira.
Horrela bada, jarraian aipatzen diren oinarriekin konprometituko da proiektu politiko berria:
Independentzia
Independentzia baita Euskal Herriaren garapen osoa ziurtatzeko modu bakarra. Gure esku dauden tresna guztiak behar ditugu arlo guztietan inongo mugarik gabe garatu ahal izateko. Eta hau, gaur egun, soilik herritarren beharrei erantzungo dien Estatu bat osatuz lor daiteke, gure burujabetzatik berdintasunezko harremanak eraikiz beste estatu, herri eta nazioekin.
Euskalduntzea
Euskara ez delako soilik Euskal Herriko hizkuntza propio eta jatorrizkoa, gizateriaren ondarea ere bada. Eta guri dagokigu, euskal herritarrei, gure hizkuntzaren, nazio hizkuntzaren garapen osoa ziurtatzea. Euskal Herria Euskararen lurraldea denez, premiazkoa dugu herritar kultur anitz eta eleanitzez osaturiko herri euskalduna eraikitzea.
Sozialismoa
Egungo sistema kapitalista, patriarkal eta neoliberalaren aurrean, beste ikuspegi bat eskaini nahi dugu, eredu ekonomiko, politiko eta sozial jasangarri eta sinesgarria, langileen gehiengo soziala protagonista nagusitzat izango duen gizarte justu, berdintasunezko eta aurrerakoia ahalbideratuko duen sozialismoan oinarritua. Hori guztia, ezkerreko estrategiak eguneratuz eta horren eraginez menpekotasunezko harreman sozialetatik askatutako jendarte eredu berria eraikiz. Herri honetako emakume eta gizonak dira funtsezko lehengaia eskubide kolektibo eta norbanakoenetan oinarritzen den eredu honen garapenean, eta beren gaitasun eta jarrera, beti ere gure herria kokatzen den koordenada politiko eta ekonomikoetan XXI. mendeko sozialismoa eraikitzeko lanean.
Justizia eta askatasunean oinarritutako etorkizun baketsuaren alde
Bakea ez delako soilik bortxakeriarik eza, demokrazia eta justizia sozialean oinarrituko den eredu sozialaren bastioia baizik. Horregatik, indarkeria eta inposizioaren arrasto orok desagertu behar du herri honetatik, eta giza eskubide guztiak, egungo ikuspegi androzentrikoa gaindituz, eskubide zibil, politiko, sozioekonomiko eta kulturalak errespetatuak izan behar dute, eta errealak eta efektiboak izan daitezen beharrezko baldintzak bultzatu behar dira. Herritar guztien eskubide ororen errespetua izango baita, definitiboki, elkarrizketa, negoziazioa eta akordio demokratikoaren bitartez, bake egonkor eta iraunkorra bermatuko duena, emakume eta gizonek, muga eta hipotekarik gabe, herri libre batean beren etorkizunari buruz erabaki dezaten ahalbideratuz.
Feminismoa
Emakumeek pairatzen duten zapalkuntza estrukturalak, egungo egoera aldatzea bilatzen duen proiektua integrala izan dadin eskatzen du; errealitate soziala, ekonomikoa, politikoa eta ideologikoa eraldatzeko iniziatibak plantea ditzala. Patriarkatua ez da mantentzen eta ugaltzen soilik, egungo gizarte kapitalistaren oinarrian dago. Horretarako harreman hierarkikoa eta emakumeen gaineko boterea betikotzen ditu. Lanaren banaketa sexuala betikotzeko premia du, bizitzaren eremu guztietan emakumea egoera subsidiarioa bizitzera kondenatuz. XXI. mendean, beharrezkoa da emakume eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasunean oinarritutako harremanak eratzea.
Herrien arteko elkartasun internazionalista eta antiinperialista
Nazioarteko elkartasun internazionalista eta antiinperialista, laguntza, kontribuzio eta onarpenaz harago, mundu hobe baten aldeko borrokan inplikazioa eta konpromisoa eskatzen duen estrategia gisa ulertzen dugu. Euskal Herria munduari irekia izan da, gaur egun da eta izango da, beren eskubide nazionalen ukazioa nahiz zapalkuntza ekonomiko eta soziala pairatzen dutenekiko solidarioa, bere haragitan bizi izan baitu hau guztia.
Demokrazia parte hartzailea
Beharrezkoa delako jendarteari boterea eskaintzea, delegazionismoan, ustelkerian, bezerokerian eta instituzioen sinesgarritasun demokratikoaren etengabeko pitzatzean sostengatutako herri ordezkaritzaren ereduaren aurrean. Politikaren izen ona eta herritarren parte hartzearen mekanismoak galdu eta sexu-generoen arteko desberdintasunak mantentzen diren eszenatoki honen aurrean, herri boterea bideratuko duen proiektuaren alde egiten dugu, erabaki politiko, ekonomiko eta sozialetan herritarren benetako parte hartzea sustatuz.
Konpromiso politiko eta ideologiko hauetatik, antolakunde berriak, aurreko ereduak gainditu eta inflexio puntua markatuz, bere barne funtzionamendua eta ekinbide politikoari dagokionez, ondoko printzipioetan oinarrituko da:
Barne estruktura eta funtzionamendu demokratikoa izango du, aukera berdintasunean oinarrituta kide guztien parte hartzea garatuko duten arauen bitartez, borondate kolektiboa osatzen aldera; eztabaida eta erabakitzeko barne egituren burujabetza ziurtatuko da, beti ere interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre, hausnarketan eta bere lerro politikoa zehazteko orduan autonomia osoarekin arituko delarik. Hauek guztiak eskakizun banaezinak dira aldaketa politiko eta sozialerako protagonista bakar gisa jendartea eta bere parte diren emakume eta gizonak kokatu nahi dituen proiektu politiko honetan.
Bide baketsu eta demokratikoetatik soilik garatuko den jarduera. Soilik oinarri demokratikoen errespetutik bil daitezke gehiengo instituzional eta sozialak. Gehiengo hauek izan behar luketelako prozesu politikoa eskubide kolektibo eta norbanakoenak zinez errespetatuko diren agertokirantz aurreratzea ahalbideratuko dutenak, beti ere gure helburu independentista eta sozialista jomugan hartuta.
Horregatik, proiektu politiko eta antolakunde berri honek soilik bide politiko eta demokratikoekiko erakutsi behar duen konpromisoa tinkoa eta zalantzarik gabea izan behar du eta ez du egon behar egoeraren araberako faktoreen edo aldagai taktikoen menpe; eta, beraz, helburu politikoen lorpenerako indarkeriaren erabilpena edo erabilpenaren mehatxua errefusatu behar du.
Honek berekin dakar egintza politikorako tresna diren mobilizazio eta atxikimendu herritarra, desobedientzia zibila, borroka ideologikoa eta parte hartze politiko-instituzionalaren erabilpen soilaren aldeko konpromisoa. Argi geratzen da beraz, defenditzen dugun proiektu politiko eta antolakunde berri honen estrategia independentista eta sozialistaren baitan ez dagoela indarkeriazko mehatxuarentzat inongo tarterik.
Guztiarekin, XXI. mende honetan, gure aurretik pasa diren hainbat belaunaldiren ametsa indartu nahi dugu, eta etorkizunean gu ordezkatuko gaituztenena: Euskal Estatua, Euskal Herri batu, independente, euskaldun eta sozialista, feminismoaren baloreetan oinarritua, eraikitzeko.
Euskal Herria, 2010eko azaroak 27


No hay comentarios:
Publicar un comentario