Rufi Etxeberriaren hitzartze osoa

Lehenik eta behin, gure eskerrik onenak eskaini nahi dizkiegu ekitaldi hau antolatzeko lanetan murgilduta ibili diren guztiei eta, bide batez, nola ez, indar politiko berriaren estatutuen aurkezpenera etorri zareten guztioi.
Ekitaldirako prestatu den formatua egokitzat jo dugu, aste honetan bertan Madrilen ofizialki aurkeztuko den proiektu politiko zein antolamendu berrian finkatzen diren printzipio, konpromiso eta euskarriak modu zuzenean eta publikoan aurkezteko aukera ematen baitigu. Era honetan, Madrilen aurkeztuko denaren inguruko irakurketa maltzurrak ekiditeaz gain, beharrezkoa den legeztapenaren aldeko sostengua bultzatu nahi izan dugu, izan ere, legeztapena ezinbestekoa baita atzera biderik gabeko bake eta normalizazio politiko mailakatuaren prozesuan aurrera egiteko, eta hori, gure herriko indar politiko guztien arteko elkarrizketa eta negoziazioaren eskutik.
...

Joan den azaroaren 27an iragarri genuen Iruñean. Ezker Abertzaleak proiektu politiko zein antolamendu berriaren legeztapena eskatuko du, Alderdien Legeak ezarritako baldintza guztiak, bere atal guztietan, betez.

Ekitaldi honetan, zein nahi delarik indar politiko berriaren sustatzaileen pertsonalitate juridikoa, Ezker Abertzaleak argi eta garbi azaldu nahi du bere apustuan eta konpromisoan ez dagoela ihesbide literariorik ez eta mozorrotze interesaturik ere, baizik eta “Zutik Euskal Herria” txostenean onartutako erabakian oinarrituriko atzera biderik gabeko urrats erabakigarria eta koherentea. Horrexegatik, argi eta garbi adierazi nahi dugu legeztapen eskaera, aldaketa politiko zein antolamendu mailako inflexio puntuari lotuta dagoela, bake eta irtenbide demokratikoetan oinarrituriko eszenatokia eskuratzeko konpromisoari itsatsirik.

Esana dugu, bai, Legea beteko dugu. Eta Lege honen eduki normatiboen izaera demokratikoa ala ez-demokratikoa alde batera utzita, berarekin egiten ari den erabilera politiko argia ozenki salatu nahi dugu. Gure iritzi eta konbentzimendu hau, bat dator euskal gizartearen gehiengoaren ikuspegiarekin gure ustez, besteak beste, interes politiko zehatz batzuen mesedetan instituzioetako herri borondatearen ordezkaritza nola trukatu den argi eta garbi ikusi baita. Zenbaitzuk, egon litezkeen ebaluaketa juridiko eta demokratikoen gainetik, errealitate hori mantendu nahi dute.

Lege baldintzak betetzeko erabakia, beraz, Ezker Abertzaleak eginiko hausnarketa, eztabaida eta erabaki burujabe eta autonomoaren emaitza da. Ez gaude lege normatiboari egiten zaion epe laburrera begirako “izkin” baten aurrean, baizik eta gure proiektu politiko legitimoa eraikitzen hasteko ezinbestekotzat jotzen dugun irtenbide demokratikoetan eta bakean oinarrituriko eszenatokia eraikitzeko gure erabaki eta konpromisoa azpimarratzen duen erabaki koherentearen aurrean. Urrats berri bat da, inolako baldintzatan oinarritu gabea, burutu nahi diren aldaketa politiko zein sozialak soilik herritarren borondatearen esku utziz. Jokabide berbera izan dezan eskatzen diogu Gobernu espainolari.

Azken bi urteotan Ezker Abertzaleak izan duen eztabaidak izaera estrategikoa duten ondorioak ekarri ditu. Gauza asko aztertu ditugu: nazioarteko abagunea; azken 12 urteotako bilakaera sozial eta politikoa, Lizarra-Garazi erreferentziatzat hartuz sortu nahi dugun bortxakeriarik gabeko eszenatoki demokratikoa eskuratzeko bidean; euskal gizartearen baitan eman diren eraldaketa sozialak, ekonomikoak eta baloreen mailakoak; marko autonomikoaren bilakaera, bere agortzea eta euskal nazioa eta erabakitzeko eskubidea aitortuko dituen estatus berri baten aldeko herri borondate nagusia edo euskal nazioarentzat etorkizuneko proiektu ekonomiko eta sozial justu eta solidarioa eraiki nahi dugunontzat nazioarteko egoera ekonomikoak sortzen dituen aldeko eta aurkako aukerak.
Laburbilduz, arrisku eta indar ezberdinak azaleratu dituen hausnarketa izan da, eragile politiko guztiek sakontasun osoz egin beharko luketen neurrikoa, baldin eta bortxakeria ezberdinak eta eskubide pertsonal zein kolektiboen zapuzketa pairatzen duen gizarte bati irtenbide baketsuak eta demokratikoak eskaini nahi bazaizkio eta, maila globalago batean, merkatuaren eta merkatari instituzionalen diktadura baldintzatzen duten gizarteari luzatu nahi bazaizkio. Baina berriz diogu, neurri historikoa duen hausnarketaren aurrean gaude, gure norabidean aurreko eta ondorengo denbora finkatuko dituena, inolako zalantzarik gabe.

Honengatik guztiarengatik, bere proiektu politikoa garatzeko Ezker Abertzaleak hiru ondorio edota erreferentzia nagusi atera ditu:

Lehenik eta behin, eta ardatz erabakigarri moduan, bortxazko talka ezaugarritzat izan duen zikloari behin betirako ateak itxiko dizkion Prozesu Demokratikoaren aldeko apustua, eta bide soilik demokratiko eta politikoen aldeko jarrera irmoa. Prozesu demokratikoaren alde egiten dugun apustu hau, Gernikako Akordioan azaltzen den moduan, honako printzipioetan oinarritzen da:
Edozein elkarrizketa eta negoziazio politikorako ezinbesteko baldintza den indarkeriarik gabeko eta normalizazio politiko mailakaturako eszenatoki bermatua aldarrikatzea; hau da, ez dago elkarrizketa eta negoziazio prozesurik indarkeriarik gabeko eta gutxiengo demokratikoak berrezartzeko eszenatoki bermaturik gabe.
Aurrekoaren ondorioz sortuko den elkarrizketa politikoaren baitan, Mitchell printzipioen onarpena.
Elkarrizketa politikoaren berme eta zaintza bakarra soilik euskal gizartearen eta eragile politiko, sindikal eta sozialen esku dagoela onartzea.

Kultura politiko guztiak bilduko dituen elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa bilatzeko prozesua bultzatzea, beti ere, proiektu politiko guztiak bideragarriak egingo dituen marko demokratikoa erdiesteko asmoz. Gauzak horrela, prozesuaren helburua demokrazia gehiago edukitzea da, eta eskubide guztien errespetua eskuratzea.

Bigarrenik, esparru burujabean, independentistan eta aurrerakoian kultura politikoa eraldatu nahi dugu, aldaketa politiko eta sozialean eragiteko tresna gisara indarren metaketa eta konbergentzia indartuz. Independentistak izan gara eta gara; sozialistak gara; euskal nazioan eta erabakitzeko duen eskubidearen legitimitatean sinesten dugu; gizarte justu eta solidarioagoa lortzeko bidean beste eredu sozio-ekonomikoaren aldekoak gara. Eta horren guztiaren alde, beste sektore politiko, sindikal eta sozialekin elkarlanean aritu behar dugula pentsatzen dugu, hori baita indar harreman sozialak eta gehiengo instituzionalak aldatzeko gehiengo demokratikoak osatzeko bidea. Hau da, aliantza politiko zabal eta eraginkorraren aldeko apustua egiten dugu independentziarako bidean.

Eta, hirugarrenik, proiektu politiko eta antolamendu berri bat bultzatu nahi dugu, aurretik izan ditugun ereduekiko inflexio eta gainditze abiapuntua izateko.

Gauzak horrela, indar politiko berriak izango dituen printzipioetan ondorio zuzena izan duen inflexio puntuaren aurrean gaude, eta horiexek jaso dira bere estatutuetan legeztapena aldarrikatzeko unean.

Eta inflexio puntua diogu, indarkeriazko gertakarien inguruko kontestualizazio politikoetatik ihesi, Ezker Abertzaleak bere proiektu politikoa bide soilik politiko eta demokratikoetatik garatzea erabaki duelako.
Gauzak horrela, proiektu politiko berri honek bide soilik politiko eta demokratikoekiko duen konpromisoa irmoa eta zalantzarik gabea da, abaguneko gertakarietatik zein aldaketa taktikoetatik at egonik. Horretan ez dago atzera biderik.

Honengatik guztiagatik, aurkeztuko diren estatutuetan, Ezker Abertzalea helburu politikoak eskuratzeko indarkeriaren edota mehatxuaren erabileraren aurka azalduko da, eta erabilera hori errefusatuko du, hor barnean kokatzen da ETAren indarkeria ere, zein nahi delarik hartuko lukeen forma.

Ageriko eran, Ezker Abertzalearen proiektu politiko eta antolamendu berriak ez du, ez justifikatzen eta ezta babesten ere, indarkeriaren erabilera, zein nahi delarik bere iturria edota ezaugarria. Eta, beraz, edonolako indarkeria edota mehatxuen erabilera errefusatzen du, eta helburu zein xede politikoak eskuratzeko bortxaketa erabiltzen duten erakundeekiko elkarkeria politikoa edota antolamendu mailakoa errefusatzen ditu.

Gauzak horrela, indarkeriaren ukapen agerikoa eta berekiko elkarkeria mota guztien bazterketa, bide soilik politiko eta demokratikoen alde egiten dugun apustuaren ondorio zuzenak dira, eta horrelaxe jasoko dira indar politiko berriaren estatutuetan.

Era berean, indar politiko berriaren estatutuetan bere autonomia eta burujabetza osoa azpimarratzen dira, bere estrukturen funtzionamendu demokratikoa babestuz eta edonolako menpekotasuna edota dependentzia ukatuz. Ezaugarri hau azpimarratzea garrantzitsua iruditu zaigu.

Honekin guztiarekin, Ezker Abertzaleak, independentziaren eta sozialismoaren aldeko helburua birbaieztatuz eta aldaketa politiko zein sozialaren aldeko apustua azpimarratuz, zalantzarik gabeko printzipio demokratikoak finkatzen ditu, edonolako indarkeria gainditzeko bidean funtsezko ekarpena eginez eta bake eta demokrazian finkaturiko eszenatoki demokratikoa indartuz, bide batez, eskubide pertsonal eta kolektiboen benetako iraunaldia bultzatuz.

Hauxe da datozen egunetan Barne Ministeritzako Elkarte Politikoen Erregistroan Ezker Abertzaleak aurkeztuko duen proiektu politiko eta antolamendu berria. Bere helburu politikoetan, aldaketa politiko zein sozialen aldeko lanean eta, nola ez, Euskal Herriarentzako bake eta demokraziazko eszenatoki baten bidean, irmo. Eta, bestalde, ezarri zaizkion lege betebeharrak betetzeko konpromiso eta printzipio argiekin.

Hauek dira indar politiko berriaren estatutuetan jasotzen diren oinarrizko printzipioak eta konpromisoak. Gauzak horrela, nazioarteko komunitatearen aurrean, hedabideen aurrean, hona azaldu zareten pertsonalitate guztien aurrean eta, bereziki, euskal gizartearen aurrean, Ezker Abertzaleak bere proiektu politiko eta antolamendu berriaren legeztapena eskatzen du.

Euskal Herria, 2011ko otsailaren 7a

No hay comentarios:

Publicar un comentario